miércoles, 24 de septiembre de 2014

Bokartaren nahaste-borrastea

Prentsa oharra

Udazkenean antxoa harrapatzeko aukera berriz ere zabaltzeko Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioak hartutako erabakia “ez da ona ezta bidezkoa ere”, Jose Maria Cazalis Euzko Abertzaleak EAJ-PNV Taldeko senatariaren iritziz. Ministerioak bere kabuz hartutako erabakiaren bitartez Estatu espainiarrari 2014ko uztailetik eta 2015eko ekainera bitarteko sasoirako dagokion kuotatik Kantauri eta Galiziako baxurako arrantza sektorearekin duela urte batzuk adostutako kuotaren %10 gehiago arrantzatzeko aukera ematen zaie.
Cazalis senatariaren iritziz, antxoaren arrantza berriz zabaltzeko Ministerioak hartutako erabakia “ez da ona ezta bidezkoa ere”
Bizkaia Irratian egindako adierazpenetan, senatari bizkaitarrak esan du erabaki hau ez dela hartu “modu egokian”.
Bere esanetan, antxoaren arrantza zabaltzea “gure arrantzaleak hegaluzearen kosteran daudenean, ez die ematen astirik ontziak egokitzeko. Arrantza modu desberdinak dira; ontziak ezin dira prestatu egun batean atunetarako eta bestean antxoatarako”.
Cazalisen iritziz, Ministerioak “arrantza sektorearen adostasuna apurtu du” eta Galiziako arrantzaleen presioaren aurrean amore eman du. “Ministerioa kikildu egin da eta arazoa sortzen da 2.000 tona horiek, izatez, galiziarrentzako direlako. Eurentzako ‘partxe’ bat da, ez dutelako sardinarik eduki sasoi honetan”.
Erabakiaren onurei dagokionez, senatari jeltzaleak gogora ekarri zuen “udazkeneko antxoaren kalitatea ez da udaberrikoa bezain ona; izan ere, udaberrian bertan ere antxoa guztiak ez dira kontserbarako egokiak.
Horrek eragina du prezioan, eta orain merkeago saldu beharko dute, sektorearen kalterako: udaberrian kalitate oneko 2.000 tona galduko ditu udazkenean kalitate gutxiagoko eta merkeagoak izango diren antxoa batzuk irabazteko”.
Hala eta guztiz ere, Ministerioak hartutako erabakia “ez du zertan modu txarrean eragin behar” antxoaren biomasan, senatariaren arabera. “Urteko kuota errespetatzen du eta eurek diotenez, eta antza egia da, orain antxoa asko da Galiziako uretan”, onartzen du Cazalisek.
Dena dela, senatariaren ustez, Espainiako Gobernua “esne saltzailearen ipuinarena” egiten ari da. Aurreratu duenez, Ministerioak konfiantza du Europako Komisarioaren aldaketarekin berrikuntzak izango direla: “Kuota urte naturalaren arabera hartuko dela kontuan, 1995etik 1999ra egin zen geldialdi biologikoaren aurretik egiten zen legez, eta Estatuaren kuota handitu egingo dela”.
Espainiak gaur egun Europar Batasuneko TAC orokorreko 20.000 tonetatik 17.000 harrapatu ahal ditu. “Aurreikusten duten moduan ateratzen bada dena, ondo; baina denok dakigu Europan inork ez duela ezer egiten arrantzaren alde, eta zerbait egiten denean ia beti kalterako izaten da”, azaldu zuen.

No hay comentarios:

Publicar un comentario